Definizioa eta ezaugarriak

Hizkuntza Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek egin behar dituzten erakunde-proiektuetako bat da. Indarrean dugun araudiaren arabera, Hizkuntza Proiektua hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari lotutako alderdien planifikazioa da, ikastetxe bakoitzak bere esparruan garatuko duena.

Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua dokumentu bat da. Bertan jasotzen dira hizkuntzen erabilerari eta haien ikas-irakaskuntzei lotutako erabakiak, eta hizkuntzen trataerari koherentzia ematea du helburu. Hizkuntzen inguruko gogoeta eta erabakien dokumentu profesionala da ikastetxeko komunikazio-esparru zabalari eragiten diona (hizkuntzak eta hizkuntza horien bidez ikastea eta irakastea, hezkuntza-komunitatearen harremanak eta eskolako gizarte-inguru hurbila).

Proiektu guztietan bezala, prozesua dokumentua bera bezain garrantzitsua da, ikastetxeko kide guztien arteko gogoeta eta denek hartutako erabakiak eskatzen baititu. Hizkuntzen presentziari, erabilerari eta haien ikas-irakaskuntzei dagozkien alderdi guztiak hobetzeko aukera ematen du. Horregatik, esku-hartze didaktikoa ez ezik hizkuntzen arteko bizikidetza eta kohesioa ere hobetzea dakar.

Kurtzebarri BHIko Hizkuntza Proiektua