ESKOLA JASANGARRIA - ZIURTAGIRIA 2010etik 2014ra arte

2010/2011 IKASTURTEA

KURTZEBARRI BHIK ESKOLA JASANGARRIAREN AGIRIA JASO DU INGURUMENAREN ALDE EGINDAKOA SARITZEKO (2010eko abenduan, Eusko Jaurlaritzan, Gasteizen)

Azken bost urteotan lan handia egin dute Kurtzebarri institutuan iraunkortasunaren eta ingurumenaren errespetuaren alde. Hala, Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan hainbat gai landu dituzte: zaborra eta birziklapena, ura, energia, ekitatea... Gaiok landu bakarrik ez, bost urteotan ikasitakoa abian jarri dute institutuan eta hartutako konpromisoak betearazteko jarraipena egin ere bai, boluntarioek egindako lanari esker. Hori horrela, Jaurlaritzak erabaki zuen Iraunkortasunaren Eskola Agiria ematea Kurtzebarri institutuari. Lakuan egindako ekitaldian Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Untzaluk eta Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak Eskola Iraunkorra ziurtagiria banatu zieten 22 ikastetxeetako ordezkariei.
Sei ikasle (Alex Arribas, Oihane Iturbe, Ainhize Barrainkua, Alba Etxeandia, Amaiur Bergaretxe eta Mikel Moraleja) eta hiru irakasle (zuzendaria den Angela Agudo eta Agenda 21eko arduradunak diren Mila Kortabarria eta Ana Garcia) joan ziren,  lnaxio Garro alkatea lagun zutela, eta bertan jaso zituzten iraunkorrak direIa ziurtatzen duten agiria eta bandera.

Gaiak landu ahala –ikasturtean bat- hainbat konpromiso hartzen dituzte ikasleek eta horiek betearazten laguntzeko han eta hemen oharrak dituzte jarrita Kurtzebarri BHIko eraikinean: birziklapena bultzatzeko, ura behar beste bakarrik erabiltzeko, argia itzaltzeko... Gela guztietan eta komunetan daude oharrok. Gainera, hiru zakarrontzi dauzkate geletan: paperarendako, mukizapiendako eta gainerako hondakinendako. Pasilloetan, ostera, plastiko eta ontziendakoa, eta pilak ere jasotzen dituzte. Horrek guztiak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko eta jarraipena egiteko boluntario taldetxoa dago: DBHko hainbat ikasle.

Gainera, iraunkortasunaren gaineko kontuak zabaldu eta ikasleak sentsibilizatzeko Txoko Berdea daukate: Eskola Agenda 21eko logo lehiaketako proposamenak, ekitatearen gaineko inkestaren emaitzak, aztarna ekologikoaren gaineko hausnarketa... daude bertan.

Boluntario horiek ingurumen batzordean elkartzen dira gero, gela bakoitzeko ikasleen eta irakasleen ordezkariekin batera, eta jasotako iradokizun eta kexak aurkezten dituzte eta eman beharreko pausoak aztertu. Hala, gai berriak landu bakarrik ez, ordura artekoak ez ahazteko jarraipena egiten dute. Landutako azken gaia ekitatea izan da eta laster hasiko dira berriarekin: zarata eta uhin elektromagnetikoak.